Sorogainek irailaren 12an eta 13an Quinto Real zeharkatuko duen eta Erroibar eta Esteribar lotuko dituen bi etapako mountain bike lasterketaren aurkezpen ofiziala hartu zuen ekainaren 29an. Nafar Basoak eta Irati-Orreaga turismo elkarteek sustatua, Kintoa All-Mountain Race by Sisnet lasterketaren lehen edizioa irailaren 12an eta 13an egingo da.

Aurkezpenean Erroibar eta Esteribarko udaletako ordezkariak, Aurizberriko Kontzejuko ordezkaria, Nafarroako Gobernuko ordezkariak, enpresa babesle eta laguntzaileak nahiz komunikabideetako ordezkariak bildu dira. Bertan, kirola, natura eta lurraldearen sustapena uztartzen dituen proiektuaren helburuak eta izaera aurkeztu dira.

“Badira ideia batetik sortzen diren proiektuak, eta badira lurralde batetik sortzen direnak.” Ideia horren inguruan aurkeztu da ekimen hau, Kintoa lurraldeko bidezidor-sarea, natura-ondarea eta nortasuna balioan jartzea helburu duena, kirola, turismoa, ekonomia eta tokiko garapenaren aldeko tresna bihurtuz.

Kintoa All-Mountain Race by Sisnet bi etapatan banatuko da, Kintoa mendigunea zeharkatuz. Lehenengo etapak Eugi eta Aurizberri lotuko ditu; bigarrenak, berriz, Aurizberritik abiatu eta Zubirin amaituko da. Etapa bakoitzak 45 km inguruko ibilbidea eta 2.000 metro inguruko desnibel positiboa izanen ditu. Ibilbideak erronka tekniko eta fisikoa eskainiko die parte-hartzaileei, lurraldeko bidezidor eta paisaia ikusgarrienetako batzuk ezagutzeko aukera emanez.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, lasterketak gehienez 150 parte-hartzaile izanen ditu, eta izena emateko epea ireki zenetik interes handia piztu du. Gaur egun 125 txirrindularik eman dute izena, beraz, 25 plaza baino ez dira geratzen libre. Ekitaldiari buruzko informazio guztia eta izena emateko aukera https://kintoamountains.com/ webgunean daude eskuragarri.