Baigorriko eta Baztango gazteek IV. Topaketa ospatuko dute maiatzaren 24an Izpegin

Maiatzaren 24an Baigorriko eta Baztango gazteak berriz ere elkartuko dira, hontakoan Izpegin, bi haranak lotzen dituzten lotura historiko eta kulturalak sendotzeko asmoz.
Atzoko, gaurko eta biharko sareak: Nor bizi da Izpegiren bertze aldean? antolatutako IV. topaketa izanen da eta 12 eta 15 urte bitarteko gazteei zuzendua da.
Jardunaldia goiz eta arratsalde osoan eginen da. Izpegiko kaskoan elkartuko dira gazteak, jarduna hasteko. Bi ibarretako elkartrukean murgiltzeko eginen dituzten jardueren artean, aurrehistoriari buruzko eguna eta txapelketa, sua pizten ikasi, txalapartaren hastapenak… eta elkar ezagutzeko denbora libreaz ere gozatu ahal izanen dute.
Baztango Alkateak eta Baigorriko Herriko Etxeko Kontseilariak maiatzaren 5ean Baigorrin izandako prentsaurrekoan azaldu zutenez, topaketa «aukera paregabea da Baigorriko eta Baztango gazteek elkar ezagutzeko, esperientziak partekatzeko eta adiskidetasun lotura berriak eraikitzeko». «Bi udalerrien arteko lankidetza sustatzen dituzten proiektuen alde» egindako apustuaren barruan kokatzen da jarduera.
Parte hartu nahi duten gazte baztandarrek 689 035 078 telefonoan whatsappez edo gizartezerbitzua@baztan.eus helbidean idatziz eman dezakete izena. Aldiz, Baigorriko gazteek 06 43 62 23 22 telefonora edo animazioa@baigorry.fr helbidera idatzi beharko dute. Izen-ematea maiatzaren 10era arte irekia egonen da eta lekuak izen-ematearen arabera esleituko dira. Topaketan parte hartzeko ezinbertzekoa da euskaraz jakitea, ekintza guztiak euskara hutsean izanen baitira.